KOLDO MARTINEZ

Koldo pop art[box type=»note»]Erabakitzeko eskubidea! Horren inguruan mogitu ziren Etxarrin EH Bildu eta Geroa Bai. Herritarrei Euskal Herri aske baten hiritar izan nahi zuten galdetzen zitzaien. Eta bozkatu zutenen %94k aldeko botoa eman zuen. Halabaina, parte hartzea oso murritza izan zen. Murritzago kontutan hartzen badugu 16 urte gorakoei onartu zitzaiela botoa emateko eskubidea. Eta hala eta guztiz ere, parte hartzea %42koa izan zen. Eskasa, oso.[/box]

 

Antolatzaileek datu honi garrantzi osoa kendu nahiean, laster izango ditugun europar hauteskundeetan ere parte hartzea oso txikia izango dela diote. Eta horrekin, lasai gelditu nahi dira. Edo horren antza eman behintzat.

 

Nere uste apalean, falta zaiena analisi kritiko eta lasai bat egitea da. Erabakitzeko eskubidea? Bai, noski. Baina nori dagokio eskubide hori? Etxarritarrei edo Nafarroako biztanleriari? Nafarroa sujetu politikoa dela diogunean, eta nik hala uste dut, nafartarroi buruz ari gara eta ez inolaz ere Nafarroako edozein herri, auzo edo kontzeju bateko biztanleez. Nafarroako herriak du erabakitzeko eskubidea, baina Nafarroa osoak. Ez zatika.

 

Erabakitzeko eskubidea, gaur diren eta etorkizunean izango diren beste eskubide guztiak bezalaxe, ez da absolutua. Bere mugak ditu. Eta muga hoiek argitzea eskubide horren alde gaudenon lana da, batez ere. Ez badugu guk mugatzen, ez da izango erabakitzeko eskubiderik.

 

Beste burutazio batekin bukatu nahi dut: erabakitzeko eskubidea garrantzitsua baldin bada, elkar bizitzeko eskubidea askoz gehiago. Ez dezagun hori ahantz!

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

19 − once =

*