Angel Erro, ZABALTZENgoa. Poeta zonbi eta Volgako batelaria.

Angek Erro ARGIAn
Angek Erro ARGIAn

Reyes Ilintxeta elkar-hizketa.

34 urte, 35 maiatzean.

Eta oraindik ez daukat e-book-ik. Esaten dut badaezpada ere norbait ari bada pentsatzen zer oparitu nire urtebetetzerako… Nik uste dut inork ez didala oparitzen mundu guztiak pentsatzen duelako aspaldidanik badudala. Horregatik aprobetxatzen dut elkarrizketetan eta toki publiko guztietan eskatzeko.

Horietako bat nahi zenuke?

Bai. Bestalde, oraindik inguruan dauzkadan paperezko liburu guztiak irakurtzeko bi bizialdi beharko nituzke. Ez litzaidake inportako, hala ere, bizitza gehiago eskatu behar izatea horretarako.

Ez zaizu arraro edo deseroso egiten euskarri elektroniko horretan irakurtzea?

Paperezko liburuek badute guk ezagutzen dugun geografia bat eta, alde horretatik, eroso ibil gaitezke. Bide ezaguna da eta aurrera eta atzera egin dezakegu ohituta gaudelako. Dena den, espazio berrien beldur ez da izan behar. Duela gutxi Umberto Ecori horretaz galdetu zioten, aurreko elkarrizketa batean esana zuelako Internetek eta liburu elektronikoek kulturaren gainbehera ekarriko zutela. (Gauza berari buruz galdetu zioten, normalean elkarrizketatzaileek nahi izaten baitute aurreko elkarrizketetan esandakoak errepika ditzala elkarrizketatuak) Eta orduan Umberto Ecok deklarazio hura zuzendu behar izan zuen esanez egiatan ez dela hainbesterako, eta abar. Norbaitek, akaso, oparituko zion e-book bat, ez niri bezala. Kontuz ibili behar dugu kulturaren gainbeheraz hitz egiten dugunean.

Eta idatzi? Ordenagailuan ala eskuz?

Normalean ordenagailuz, oso erosoa delako zuzenketak egiteko eta abar. Dena den, eskolan tabletarik eta arbel elektronikorik ez genuenok ohitura dugu eskuz idazteko. Gainera adinean gora noalako edo, ideiak momentuan ez apuntatzera ahaztu egiten zaizkit, nahiz eta gero idatzitakoa ikusi eta egiaztatu ehuneko handi batean hobe burutazio horiek ahaztu izan banitu. Darwinismo poetikoa izan daiteke hori.

Zuzenbidea ikasi, baina bokazio handirik gabe. Zergatik?

Kontu praktikoengatik. Erosotasunagatik gehienbat, eta hori normalean aukerarik txarrena izaten da. Baina baita aukeratuena ere. Iruñean ikas zitekeen zerbait nahi nuen, Opuseko unibertsitatera ez nuen joan nahi eta NUPen hori zen letren aldera gehien lerratzen zena. Gainera etxean gauza praktiko bat nahi zuten. Ez naiz damutzen. Zerbaitetarako balioko zuen. Nire seriotasuna berresteko, adibidez, gizon serio izaten jarraitzeko. Neure buruari ere esaten nion idazle jende asko Zuzenbidea ikasitakoa zela, Igor Estankona, adibidez. Berehala ikusi nuen argi, eta bukatu bezain laster literatura kontuetara bideratu nintzen.

Gasteizen Euskal Filologia ikasi eta doktoretza tesia prestatzen hasi zinen. Hori bukatzeko asmorik?

Bizialdi honetan ez, edo, izatekotan, jubilatutakoan.

2002an Eta Harkadian ni eta 2005ean Gorputzeko humoreak.

Liburu gehiago ez, oraingoz. Kontzientea naiz badaramadala denbora luzea libururik atera gabe. Eta faltan sumatzen dut jendeak galdetzen didalako eta kazetariek ere bai. Ez da atsegina elkarrizketak egitea, baina bere morboa ere badu bestalde. Nik uste dut elkarrizketa honek txirrinta kenduko didala beste zortzi bat urterako eta, horren ondorioz, hurrengo liburuaren kaleratzea berandutuko dela. Eta, are gehiago, ohartzen banaiz ez dela beharrezkoa ezer egitea elkarrizketatua izateko, agian ez dut libururik atera behar izango nire bizitza osoan.

Baina beharrezkoa al da libururik kaleratzea, gaur egun, idazle izateko?

Gero eta gutxiago. Esaterako, egun uste dut modu ezkutuan lehia bat ezarri dela euskal poeten artean ikusteko zeinek uzten duen liburu batetik hurrengora tarterik handiena. Jon Benitok kaleratu zuen bere azkena bederatzi urte pasata edo Rikardo Arregi Diaz de Herediak bere hamalau urteko isiltasunaren ondoren argitaratu du liburua. Agian hori izan daiteke olerkariak gogogabetzeko modu bat: balio bat bada ahalik eta beranduen liburuak ateratzea, desagertze bidean sar daitezke. Beno, hau tontakeria bat da.

Liburu berririk ez, baina zenbait komunikabidetan eta sare sozialetan ere etengabe ari zara zu.

Inork ez daki garai honetatik zer geratuko den gogoangarri etorkizunari begira. Gerta daiteke, literaturaren eremuan beti ere, orain kontzienteki jorratzen ez dugun eremua izatea gerokoek baloratuko dutena. Seguruenik XVII. mendean idazleak ibiliko ziren erlijiozko liburuak idazten pentsatuz hori zela balio zuena eta hori izango zela euskal parnasora bidaliko zituena, fikziozko lanak eta kanonetatik kanpo gelditzen zirenak oso bigarren mailan utzita. Eta oso oker zebiltzan. Hori daukat nik kontsolamendu txikia. Beharbada Twitterreko sarrerak izan daitezke liburuetan bilduak XXI. mendetik geldituko den gauza bakarra. Edo telebistako iragarkiak Shakespeareren lanak bezala goraipatuko dituzte. Ez da ezer gutxietsi behar eta hori dela-eta arreta handia jartzen diet nik Argia eta beste medioetarako idazten ditudan artikuluei.

Hizkuntzazale amorratua zara: ingelesa, frantsesa, alemana… eta latina, greziera pixka bat ere bai, noski.

Bai, baina denetan maila diskretuan. Sinesten ez didanari gonbitea egingo nioke nirekin Sanferminetan ibiltzera hori egiaztatzeko,  aste horretan au-pair edo antzeko jardunaldi moduko batzuk egiten baitira Iruñean eta hemengo jendeak ez du Erasmus beka batekin inora joan beharrik hizkuntzak praktikatzeko. Hitzak politak dira hizkuntza guztietan. Hitzak maite badituzu zenbat eta hizkuntza gehiago ezagutu orduan eta background gehiago ikusten diezu. Azaleko harremana izateari utzi eta maitemindu amorratu bihurtzen zara.

Zure bi liburuetan eta artikulu askotan klasikoak berreskuratu eta hurbiltzen dizkiguzu egungo irakurleoi. Hori da zure ekarpen nagusietako bat?

Nire “Ekarpem diem”. Lagun batek “klasikontzi” deitzen dit. Hala da, baina ez dakit hori horrela den horrela delako edo lehenbiziko agerpen publikoa horrela eginda, estereotipo hori ezarri nuelako eta gero topikoa elikatzen jarraitu ote dudan ohartu gabe.

Klasikoen bazterketa sistematiko horretan, pentsa daiteke irakaskuntzan ere zerbaitek huts egiten duela?

Agian aukeraketa txarra egiten da. Ez dakit, ez dut gogoan zer ematen ziguten guri, baina inpresioa izan dezaket, beharbada beste arlo batzuetan huts berdina egiten dutelako,  jende gazteari aurkezten zaion aukeraketa dela helduek kontsumitzekoa edo, aldiz, oso modu fosilduan eta infantilean.

Zer interesatzen zaizu egile hauengandik?

Egon badago nolabaiteko prebentzio edo beldurra klasikoekiko, edo beharbada fama txarra besterik gabe, baina aldeko gauza bat, bederen, badute: denbora. Gaur egungo gauzetan egina ez dagoen galbahea haien lanekin egina dago. Jende askoren eskuetatik pasa da eta ahaztu beharreko guztia ahaztu da, horregatik jende hori aintzat ez hartzea harrokeria izan daiteke. Klasikoek balio dezakete, besteak beste, topiko batzuk deuseztatzeko, onenak edo coolenak garela pentsatzea, adibidez. Geure burua galtzeko arriskua dago azken moda segitzeko joera zoro horrekin.

Umorea zure osagai nagusietako bat da?

 

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

diecisiete − catorce =

*