mié. Ago 17th, 2022

Koldo Martínez, Presidente de Zabaltzen y miembro de la Permanente de GEROA BAI

«Bioetikan aditua eta polietikaren defendatzailea» Elkarhizketa Reyes Ilintxetakin ARGIAN

Kontzeptu horietako batzuk politikagintzara eraman nahi izan dituzu, ezta?

Politikan ere, denon txarrerako, gauzak txuri edo beltz bizi izan ditugu. UPNkoa izateagatik ez zaude beti oker edo Geroa Baikoa izateagatik ez duzu beti arrazoi osoa. Arrazoia denon artean egiten dugu eta nire ustez elkarrenganako begirunea lantzen hasi behar dugu eta, horretan finkaturik, adostasunak bilatzeko bideak zabaldu.

Zergatik aukeratu zenuen medikuntza?

Batxilergoa bukatuta ez nekien oso ongi zer egin nahi nuen: politika, zinema, filosofia, zuzenbidea, medikuntza… Aitak esan zidan zinema ez egiteko eta amak politikan ez sartzeko. Horregatik, bi horiek baztertuta, medikuntza hautatu nuen, ez bokazioz, baizik eta lotzen dituelako beste alor asko: zientzia, filosofia, etika, politika eta zinema ere nolabait, pazientearekin solastatzen ari zarenean asmatu behar duzulako zer duen buruan eta zer nahi duen esan.

Ikastetxe erlijiosoetan ikasi duzu beti?

Txikitan Clérigos de San Viator ikastetxean, Arrasaten, hara joan baikinen bizitzera. Ondoren haiekin ere PREU egin nuen Gasteizen eta Iruñeko Opus Deiren Unibertsitatean medikuntza. Unibertsitatean hasi aurretik urtebetez Oregonen [AEB] izan nintzen ikasten eta bertako familia batekin bizitzen. Hara joateko eskaintza iritsi zitzaidanean amak esan zidan zalantzarik ez izateko eta Ameriketara joateko. 1970ean izan zen hori. Oso urte aberasgarria izan zen benetan. Handik itzuli eta Opuseko unibertsitatean sartu nintzen. Imajina ezazu zer nolako aldaketa! Lehenbiziko urtean ikasi besterik ez nuen egin, baina hurrengoan, apirilaren 30ean, Iruñekoak ziren baina Zaragozan bizi ziren bi anaiek pankarta subertsiboa jarri zuten eraikin zentralean: “Estudiantes obreros, unidos venceremos. Viva el primero de mayo”. Atxiloturik eraman zituzten eta hurrengo egunean asanblada egin genuen esanaz ikasleok ez bagenuen politikan sartu behar, irakasleek ere ez. Eta hor hasi ziren nire arazoak unibertsitatean. Seigarren mailara arte 12 edo 13 espediente abisu jaso nituen baina ez ninduten bota eta urte batzuk geroago tesia ere hemen egin nuen.

Oñatin, Iruñeko Txantrea auzoan eta hainbat tokitan lanean aritu ondoren Zainketa Intentsiboen Unitatean sartu zinen. Zergatik?

Heriotzaren aurkako borrokan lehen lerroan egotea delako. 34 urte daramazkit intentsiboetan eta askotan ikusi dut besteen heriotza. Biziaren parte da. Bizitza ematen dizutenean heriotza ere ematen dizute. Eta horrela da zorionez, heriotzarik ez balego gu ez ginatekeelako hemen egongo. Bizitzaren azken fasea dela eta haren ondotik ezer gehiago ez dagoela onartu behar da. Baina pertsona guztiok anbibalentzia dugu heriotzaren aurrean. Batzuetan ikusten dugu bizialdi baten bukaera egoki bezala. Pastel bateko ginga bezala. Nolako bizitza halako heriotza. Bestetan, aldiz, askapen modukotzat hartzen dugu. Denok gure heriotzaren inguruan pentsatzen dugunean zalantza hori dugu: azken kondena edo askatzea izango ote den. Erlijioek heriotza ate gisa aurkezten dute, beste bizitza batera pasatzeko modu gisa, baina nik uste dut heriotza horma bat dela.

Oinazeari denok diogu beldurra, heriotzari baino gehiago?

Ez dakit. Normalean biak elkarrekin joan dira, nahiz eta gaur egun moduak ditugun oinaze fisikoa kentzeko. Oso erraz ken daiteke. Arrazoi erlijiosoengatik eta beldur legalengatik oraindik ere hainbat eta hainbat jende oinazez eta minez hiltzen da. Hori ezin da onartu eta salatu behar da. Gainera bizi gara inolako oinazerik onartzen ez duen gizarte batean, baina oinazea eta bizitza bera, bat datoz. Badira sufrimendu eta min batzuk berehala kendu beharrekoak, baina badira beste batzuk jasan beharrekoak. Maitaleak uzten zaituenean, ama edo semea hiltzen zaizunean, etxea kentzen dizutenean edo lanetik botatzen zaituztenean… Halako oinazeak ezkutatzea gure aurka doa, beharrezkoa da oinaze hori bizitzea eta gainditzea, pertsona bezala hazteko eta garatzeko.

Eutanasiaz zer iritzi duzu?

Estatu honetan bai eutanasia bai suizidio lagundua legez kanpo daude. Gaur egun sufrimendu fisiko gehiena ken dezakegu dauzkagun baliabideekin. Hala ere, batzuek nahiago dute beren bizitzari bukaera eman. Muga eta baldintza batzuk argi eta garbi ezartzen eta betetzen badira nik ez dut oztoporik ikusten bai eutanasia bai suizidio lagundua legeztatzeko. Oregonen, adibidez, oso kontu interesgarria gertatu da: eutanasia despenalizatzearen aldekoek erreferendum guztietan galdu egiten zuten. Ondoren suizidio lagunduaren alde egin eta irabazi egin zuten. Orduan batzuek esaten zuten bere buruaz beste gehien egingo zutenak betikoak izango zirela: pobreak, emakumeak, heziketa maila apalena dutenak, eta abar. Eta hori ez da gertatu. Orain arte hau eskatu dutenak unibertsitate mailako ikasketak dituen pertsonak dira, nagusiki, aseguru medikuak dituztenak, gizon bezainbeste emakume… Legeztatzearen aurka ematen diren arrazoi moralak oso eskasak dira.

Zein da eutanasia eta buru-hiltzearen arteko aldea medikuaren ikuspuntutik?

Eutanasian pazienteak eskatzen dio medikuari bere bizitza akaba dezan eta suizidio lagunduan medikuak egiten duena da errezeta bat eman gaixoak pilula batzuk eskura ditzan, baina gero gaixoaren esku gelditzen da hartzea edo ez. Bigarrena erosoagoa da sendagilearentzat.

Gai delikatua da medikuaren jarrera morala.

Pertsonen arteko errespetuak behartzen gaitu besteen arrazoi moralak moraltzat hartzera, bestela ez dago errespeturik. Dena den, batzuetan medikuen jarrera moralaren inguruan egiazkoak ez diren gauzak esaten dira. Hemen Nafarroan, adibidez, abortua dela eta, esaten zuten ez zegoela abortuak egingo zituen ginekologorik eta argi dago baietz, badaudela baina baldintza batzuk exijitzen dituzte eta administrazioa ez da konprometitzen horiek ziurtatzera. Hori ikaragarrizko manipulazio politikoa da.

Lehen mediku “espainiarra” zara Bioetika master europarra egin duena.

Bai, “espainiar” hori azpimarratzen zuten Diario de Navarran. Medikuntzan, beste edozein arlotan bezala, badira bi arau mota: legalak, eskubideez arduratzen direnak, eta etikoak, betebeharrez mintzo direnak. Nire lankideen artean oso kezka handia ikusten nuen legalitatearen inguruan, baina ez etikaren aginduen inguruan. Nik horretan sakondu nahi nuen. Jakin-min honi gehitu zitzaion ikusten hasi nintzela ezagutzen nituen zenbait pertsona eta aspaldiko lagun batzuk hiesak hartuta hiltzen. Oso garrantzitsua izan zen niretzat. Gaixotasun beldurgarri hori, oraindik izenik ez zuenean, 17 urterekin ezagutu nuen, Oregonen nintzenean. Hiesaren sorrera, nolabait, gertutik bizi izan nuen eta beti izan dut interes handia haren bilakaeraz. 1990ean urtebete eman nuen New Yorkeko erietxe batean hiesa eta nutrizioaren inguruko ikerlan bat egiten. Orduan izan nuen lehen notizia onespen informatuaren inguruan. Hemen hori zer zen ideiarik ere ez genuen eta hortik etorri zitzaidan bioetikari buruzko interesa. Bi urteko masterra egin nuen Madrilgo Complutensean eta hori bukatutakoan irakasleak deitu zidan master europar bat egiteko eskainiz. Baietz esan nion eta beste bi urtez egon nintzen ikasten Belgika, Holanda, Italia eta Madrilen mundu osoko jendearekin. Diego Gracia izan nuen irakasle, eta nire ustez, bera da gaur egun Europa osoan maila gorena duen irakaslea. Diego gizon jakintsua da, eminentzia bat. Behin hona etortzera gonbidatu nuen hitzaldi bat ematera eta haren aurkezpena egin nuen esanez hau dela nire bizitza aldatu zuen gizona. Erabat lotsagorritu zen eta jarraian erantsi nuen: amak esaten zuen bezala, “lastima ezagutu ez izana 18 urte zenituelarik”. Bera eta Jorge Oteiza dira inoiz ezagutu ditudan pertsona interesgarri eta jakintsuenak. Bata arrazionaltasuna da eta bestea pasioa.

Eta zer ikasi duzu master hauetan?

Gauzak ez direla ez zuriak ez beltzak ere. Denok dauzkagu geure arrazoiak, inork ez du arrazoi edo egia osoa eta, aldiz, denok egiaren zatitxo bat dugu. Giza arrazoia oso ahula eta pobrea da. Tolerantziaz asko ikasi nuen. Aristoteles deskubritu eta lagun egin nuen.

Hemengo osasun sisteman nola gaude alde horretatik?

Etika komiteak ari gara sortzen, arlo profesional guztietako ordezkariekin. Oso poliki doan lana da, oso geldoa, eta batzuetan pentsatzen duzu ez zara aurrera egiten ari, baina gero ohartzen zarela klima morala aldatuz doala. Hobekuntza eman da eta ematen ari da. Maila goreneko mediku bat hurbiltzen zaizunean eta iritzia galdetzen dizunean paziente batekin duen harremanaren inguruan, adibidez. Hori duela hamar urte pentsaezina zen. Eta medikuaren eta pazientearen arteko harremana erabat aldatzen ari da. Lehen medikuak ez zion batere informaziorik ematen gaixoari. Baina horrek ere badu bere arrazoi historikoa: “Muta ars” (arte mutua) esaten zioten latinoek medikuntzari. Pazienteari ez zitzaion ezer esan behar. Medikuak bazekien zer zen ona berarentzat eta soilik esaten zion zer egin behar zuen eta zer ez. Historian zehar hori horrela izan da duela 40 edo 30 urtera arte. Orain ere ez da inon ondo egiten, ez Euskal Herrian ez Estatuan ere. Paper bat ematen zaie gaixoei eta kito. Zerbait da baina askoz ere gehiago egin behar da. Dena den informazioa ematea ala ez ematea ez da soilik medikuen kontua. Senitarteko batzuek ere nahiago izaten dute batzuetan gaixoari egia osoa ez esatea. Eta hori ere landu behar da.

Kontzeptu horietako batzuk politikagintzara eraman nahi izan dituzu, ezta?

Politikan ere, denon txarrerako, gauzak txuri edo beltz bizi izan ditugu. UPNkoa izateagatik ez zaude beti oker edo Geroa Baikoa izateagatik ez duzu beti arrazoi osoa. Arrazoia denon artean egiten dugu eta nire ustez elkarrenganako begirunea lantzen hasi behar dugu eta, horretan finkaturik, adostasunak bilatzeko bideak zabaldu.

Abertzale independentea zara?

Beti izan dut politikarako grina. Politika eta etika beti oso loturik ikusi ditut. Abertzalea edo antiabertzalea naiz, segun eta zertarako eta segun eta norekin. 18 urterekin HASIen sartu nintzen, gero HASI bihurtu zen. Ondoren batzuk handik atera eta EKIA antolatu genuen. Hortik Euskadiko Ezkerrara pasa nintzen eta han urte mordoxka egin nituen, batzuetan ados eta bestetan ez. Uste dut nire independentziarako zaletasun hori betidanik datorrela. Euskadiko Ezkerra hautsi zenean batzuk Alderdi Sozialistara joan ziren, beste batzuk EAJra eta ni etxera joan nintzen. Momentu honetan politika ekonomiaren menpe dago erabat. Ekonomiak agintzen du munduan eta horregatik borroka politikoa egin behar da ekonomia gizartearen esku jartzeko. Batzuek desilusionatuta daudela diote, baina guztiok gara izaki politikoak, batzuk sartzen gara eta besteek besteen esku uztea nahiago dute. Hori ere politika egitea da.

Independentziaren aldekoa zara?

Horrek ez nau batere kezkatzen. Daukagun egoera ekonomikoarekin, desberdintasun sozialekin, independentziari buruzko kezka ez zait lehentasunezkoa iruditzen. Hori baino lehen beste mila gauza dago: nazio eraikuntza, adibidez. Nola egin Nafarroa bat nafar guztientzat, nola egin Euskal Herri bat euskal herritar guztientzat, nola Europa bat europar guztientzat. Beren burua abertzaletzat duten batzuek egundoko kaltea egin diote Euskal Herriari. Zer da ezkertiarra izatea? Alderdi Sozialista, adibidez, ezkertiarra da? Ezker Abertzalea ezkerra da? Duela gutxira arte indarkeriarekin bat zetorren eta hori ezkertiarra izatea al da? EAJ eskuindarra da? Ni katalogazio horietatik aldentzen naiz. Katalogazioak gu seguru sentitzeko ezarri ditugun mugak dira. Adibidez homosexual eta heterosexual. Zenbat heterosexual aurkitu ditut nik nire ohean! Gizon eta emakumeen artean zein da aldea? Non dago? Muga guztiz artifizialak dira eta abertzaletasunarekin edo progresismoarekin gauza bera gertatzen da. Progresista da AHTren aurka edo alde egotea? UGTn edo ELAn egotea eskuindarrekin egotea da? Ekintzen azpian dauden arrazoiez hitz egitea gustatzen zait niri eta arrazoi horietan bat bagatoz, akordioa lortzen badugu, goazen aurrera.

Euskara Kultur Elkargokoak Campionen “euskaro” berriak zarete?

Elkartea sortu genuen pentsatzen genuelako beharrezkoa zela euskara eta euskal kultura bultzatzeko, Nafarroan sortua eta Nafarroari begira. Ikusi genuen nafar agintarien jarrera penagarria dela euskarari dioten gorrotoagatik, baina, bestalde, euskararen alde lanean ari direnen artean feismoaren kultura dago oso zabalduta. Zerbait desberdina egin nahi genuen eta, bitxia da, baina agintariengana gure aurkezpena egitera joan eta handik aste batera lehenbiziko auzia zabaldu genuen Iruñeko Udalaren aurka.
Oraindik maximalismo gehiegi dago bai UPNren partetik, bai euskal munduaren partetik ere.

 

Por admin

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

14 − doce =

*

 

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies