IRUÑEKO KOMUNIKABIDEAK S.A.

Uxue Barcosi buruz gaur zabaldu den informazioaren inguruko argibideak eman nahi ditugu:

1. Euskalerria Irratiaren ibilera ekonomikoaren oreka hautsi zuen Madrildik Industria Ministerioak eginiko zigor espedienteak eta horren ondorioz ordaindu behar izan genuen 30.000 euroko isunak.

Emititzeko eskubidea aitortu gabea edukitzeak ekarri zuen ondorioa izan zen isun hura.

Iruñeko Komunikabideak SAk kapital hedapenaren formula erabaki zuen isun hori ordaintzeak eragindako egoera orekatzeko.

Beste 122 euskaltzalek bezala, Uxue Barkosek isuna ordaindu ahal izateko dirua eman zuen. Bere izenean seina euroko 200 akzio errejistratu ziren, 2012ko apirilean eta maiatzean.

2. Uxue Barkosek akzio horien agiririk ez zuen jaso eta enpresaren esku geratu dira: helburua ez baita inoren partetik diru etekinak izatea, baizik euskarazko komunikazio sozialaren proiektuari ekarpena egitea.

3. Euskalerria Irratia Iruñeko euskal jendearen zerbitzuan sortu zen unetik erabaki zen enpresa eratzea zela proiektua kudeatzeko egiturarik arinena eta eraginkorrena. Horrela sortu zen 1984an Iruñeko Komunikabideak S.A. Migel Jabier Urmeneta izan zen lehendabiziko presidentea. Gure enpresak ez du, bistan denez, etekin ekonomikorik izateko asmoa. Eta ia 30 urteko ibilera honetan ez du sekula dibidendorik banatu.

Lortu nahi dituen onurak bestelakoak dira: Komunikazio zerbitzua, euskaraz, hemen, Iruñerrian.

4. Euskalerria Irratiak hamaika traba pairatu ditu bere ibilbidean: emititzeko eskubidea ukatuz, segurtasun juridikorik gabe ibili beharra du. Egoera horretan Administrazio Publikoak eragindako zigor espedienteari aurre egin behar izan dio. Nafar Instituzio publikoek sistemakoki ukatu dizkiote dirulaguntza ekonomikoak, halakorik banatu izan dituenean.

Hori guztia ezaguna izanik, agerian dago Iruñeko Komunikabideak S.A.ren akzioen erosleak ezin duela diru irabazteko asmorik izan.
Alderantziz, dirua eskuzabaltasunez eman du, ekarpen soziala eginez proiektu honen mesederako.

Nafarroa honetan batzuk, dirua hartuz eta eskuratuz, kutxa hustuz ibili dira.

Beste batzuk, aldiz, eskuzabaltasunez emanez, jarriz.

Badago aldea.

Lontxo Aburuza
IRUNEKO KOMUNIKABIDEAK S.A.
Administrazio Kontseiluko idazkaria.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

cuatro × cinco =

*