Datorren abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatuko da, eta halaxe ospatzen da ofizialki 1985etik hona. Abenduaren 3a, era berean, Euskararen Nazioarteko Eguna da 1995az geroztik, eta, hain zuzen ere, bi ospakizunak San Frantzisko Xabierkoaren jai erlijiosoaren egunean egiten dira; hau da, Nafarroako bi zaindarietarik baten egunean, alegia.

Geroa Bain gaudenoi abenduaren 3a Nafarren Eguna izatea gustatuko litzaiguke, gu guztion eguna, bakoitzak nafartasuna nola sentitzen duen edo nola bizi duen alde batera utzita, eta bakoitza zer proiektu politikori atxikitzen zaion kontuan  hartu gabe. Gustatuko litzaiguke, halaber, den-denok egun horretan euskararen iraupena eta bizitasuna ospatzea. Geroa Baiko kide garenon iritziz, iritsi da iraganeko zenbait ikuspegi gainditzeko tenorea; ikuspen haietariko batzuek, izan ere, egiazko bizitzaren –egungoaren eta etorkizunekoaren– ñabardura eta kolore sorta ederra murriztu baizik ez baitute egiten, eta, gure irudikoz, ez dago Nafarroa bakar bat, aniztasunez beteriko Nafarroa  baizik.

Geroa Bain ari garenok gustatuko litzaiguke jende guztiak abenduaren 3a ospatu ahal izatea, eta ez bakarrik Nafarroaren eta nafartasunaren irudi ofizial eta partzial bat partekatzen dutenek. Izan ere, San Frantzisko Xabierkoa ez baita bakarrik Erorien Basilikako kupulan buru egiten duen irudia, irudi hori frankismoak eraikitako Nafarroaren ikurra baita. San Frantzisko Xabierkoa, era berean, Frantzisko Jatsu Azpilkueta da; hots, bere sorlekua defendatzearen ordainez arpilatzea eta erbestea sufritu zituen familia baten semea.

Baina, Xabierren irudiaz haratago, abenduaren 3a bestelakoek ere ospatu egin ahal izan beharko lukete; hots, laikotasuna oinarri harturik, ekitaldi ofizialen eta ekitaldi instituzionalen izaera zibila eta ez-erlijiosoa aldarrikatzen dutenek, Nafarroaren egun handia baita. Hegoaldeko nafarrok, bestalde, kontuan hartu beharko genuke Nafarroa Beherean eta Iparralde osoan San Frantzisko Xabierkoa ere ospatzen dela; hemen adina, gainera, eta santua gure Herriaren zati hari lotua dagoela bereziki. Horrenbestez, nafar orok izan beharko luke egun horrekin, jai horrekin, bat egiteko aukera, bere modura; hori bai, abenduaren 3tik esklusibotasun eta kanporaketa oro ezabatuta.

Abenduaren 3ak, hortaz, beste izaera bat hartu beharko luke, gure irudikoz; baina nekez hartuko du bestelako izaerarik, iraganera jotzen badugu hartatik zerbait hartzeko eta bestela pentsatzen dutenei jaurtitzeko. Gure bilakabideak, herri guztienak bezalaxe, kontraesanak eta anbiguotasunak ditu, eta hainbat interpretazio egin daitezke haren gainean; gizarte demokratikoak, beraz, interpretazioak errespetatu beharko lituzke, zientzia historikoaren arauekin bat eginak badaude. Baina ez da inola ere onargarria nabarrismo baztertzaile batek hauspotutako egia historiko ofizial bat inposatu nahi izatea, Nafarroako konkista ukatzen duena, zientzia historikoaren arau orotatik aparte eraikitako ikuspegia baita. Iraganak, ordea, ez die egungo nafarrei halako portaera bat eta halako politika bat inposatzen; politika eta portaera horiek konpromisoaren eta adostasunaren adierazpena izan beharko lukete. Iraganak, egia esan, oraina baldintzen du; Nafarroako herritarrek, ordea, ez lukete iragan baten eskakizunen morroi izan behar, batzuek iragana modu batez interpretatzen baitute, eta, beste batzuek, berriz, bestela. Geroa Baik argi esan nahi du herritarrak garela gure orainaren eta gure geroaren jabe bakarrak.

Geroa Bain ari garenok, hortaz, honelaxe ospatu nahiko genuke abenduaren 3a; izan dadila inor bazterrean utziko ez duen Nafarren Eguna, bizikidetza gogoan jendea elkarganatuko duen eguna, Nafarroa osatzen duten zati eta sentsibilitate guztien errespetuan oinarrituko den eguna

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

11 − 9 =

*